2014 urte zaila izan da ikuspegi politikotik eta sozialetik. Otto Pérez Molina presidenteak kudeaketa-aldiari hasiera emateko eman zuen militarizazio-diskurtsoa gero eta hobea da agintaldiak aurrera egin ahala, eta agerian geratu da, ez bakarrik botere-postu nagusiak militar ohien eskuetan daudelako, baizik eta baita defentsariak gero eta esparru gutxiagotan aritu daitezkeelako eta mugimendu sozialek, nazioarteko lankidetzak, kazetariek, etab. jazarpena izan dutelako ere, hainbesterainoko jazarpena, ezen kriminalizatu ere egin baitira, defentsarien lan-arlo diren gizarte-arazoetan laguntzeagatik.

Orain ere, estrategia hori da Guatemalan giza eskubideen defentsa-lana geldiarazteko erabilitako tresna nagusietako bat, eta enpresa hidroelektrikoen, meatzaritza-enpresen eta antzekoen megaegitasmoak kosta ahala kosta ezarri nahi dituzten interesei lotutako egituretatik sustatzen da. Kriminalizazio-ereduak aurrera egin ahal izateko, beharrezkoa da justizia-sistemako egiturek enpresen interesetatik hurbil egotea eta, horretaz gain, ikerketez arduratzen den organoak haietara guztiz makurtzea. Horregatik lehiatu dira hainbeste botere-talde, 2014ko hasierako hilabeteetan, Ministerio Publikoko plaza eskuratzeko. Denboraldi horretan, Claudia Paz y Paz, fiskal nagusia, berrautapen-zerrenda nagusitik kentzea lortu dute, eta gobernuko alderdiaren interesekin bat zetorren beste pertsona bat jartzea, kasu honetan Thelma Aldana epaile ohia. Aldana prozesu zailaren ondoren izendatu da, eta kargua hartu bezain laster, zalantza eragin die hainbati, ez baitute argi ikusten zer interes babes ditzakeen.

Ministerio Publikoa kontrolpean izanda, ez da bermatzen, soilik, giza eskubideen defentsariak kriminalizatzea, baizik eta baita beste era bateko delituak egiten dituzten eragile politiko eta sektore ahaltsuak zigorrik gabe geratzea ere. Delitu horien artean ditugu ustelkeria, influentzia-trafikoa, proiektuak onartzeko funtzionario-eroskeria, funts publikoen erabilera bidegabea, eta hainbat hedabidetako kazetarien ikerlanetan azaleratutako beste hainbeste.

Giza eskubideak babesten dituzten eta prozesu faltsuei aurre egin behar dieten talde eta pertsonentzat, arrisku handia dago, kriminalizazioa mekanismo gisa erabil baitaiteke, ez bakarrik defentsariak aldi batez geldiarazteko, baizik eta baita inoiz egin ez zituzten krimenengatik haiek espetxeratzeko.

Azken hilabeteotan, areagotu egin dira tentsio sozialak, eta politikariek borondate gutxi erakutsi dute “megaproiektuek” kaltetuko dituzten komunitateekin hitzarmenak egiteko, megaproiektuak egiteko komunitateen baimenik izan ez arren. Otto Pérez Molina presidentearen diskurtsoak kriminalizatu egin ditu estatuak defendatzen dituen interes ekonomiko partikularren kontra diharduten komunitateetako erakunde sozialak eta taldeak. Berriz ere, lehenetsi egin dira botere politiko eta ekonomiko handia duen gutxiengoaren interesak, estatuaren eta nazioko eta atzerriko enpresen arteko negozioetan biltzen diren irabazi handiak ikusi ere egiten ez dituzten ehunka mila guatemalar txiroturen interesen aldean. Lurraldearen espoliazio-eredua lehengo bera da, eta estatuak jarrera tolesa du: ez da gai biztanleen segurtasuna bermatzeko, baina, interes ekonomikoak defendatzeko orduan, segurtasun-indar ugari bideratzen ditu, jarduteko ahalmen bikaina erakusten du, eta indarraz baliatzen da “garapen-proiektu” horiek ezartzeko. Megaproiektuak kontsulta libre eta informaturik gabe eta komunitateen iritzia errespetatu gabe egitearen ondorioz sortu den gatazka-giroak berekin ekarri du ingurumenaren eta herri indigenen eskubideen aldeko defentsari kopurua handitzea, baina, horretaz gain, komunitateak ere banantzea. Enpresek ere bultzatzen dute banantzea gizarte-programetan, eta etengabeko indarkeria eragin du; hala, irailaren amaieran, oso istilu larriak izan ziren, hirugarren aldiz, San Juan Sacatepéquezen.

Horren harira, giza eskubideen hainbat eta hainbat defentsari erasotzen dituzte, nazio-bizitzako hainbat arlotan bidegabe jokatzen dela salatzen dutelako; hala, azken 14 urteotan, giza eskubideen 3.682 defentsariri egin diete eraso, eta horietatik 149 hil egin dira.

Giza eskubideen emakume defentsarien aurkako erasoei dagokienez, biktima gehienak emakume indigenak, nekazariak eta anbientalistak izan dira. Haien aurkako indarkeria genero-osagarri bat da, erasoei indarkeria matxistaren faktorea ere gehitu behar baitzaie.

Gaur egun, Guatemalak krisi instituzionalaren unerik latzenetako bat bizi du 1993an Jorge Serrano Elíasek estatu-autokolpea egin zuenetik. Gobernuarekin erlazionatutako botere-egiturek estatuko botere guztiak kontrolatu nahi izan dituzte, borrokaren eta estrategiaren bidez, eta, krimen antolatuaz, narkotrafikoaz eta enpresa-sektoreez baliatuta, hainbat erakunde kontrolatzen saiatu dira: Justizia Gorte Gorena, apelazio-gorteak, Ministerio Publikoa eta Estatuaren Fiskaltza Nagusia. Horren guztiaren ondorioz, irailean eta urrian, are ezegonkortasun instituzional handiagoa eragin du, botere legegilea gelditzeak eta guatemalarren interesak babesteko, ustelkeria errotik kentzeko eta exekutiboaren autoritarismoa desagerrarazteko mugimendu gutxi egiteak eragindakoa baino . 

  berri2b